XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskema

1. Egutegiak desberdinak kulturen arabera

1.1. Antzinatean ilargi egutegiak nagusi

1.2. Egun, eguzki urteari lotuak

2. Eguzki urteak egun kopuru zehatzik ez izateak arazoak sorterazi egutegietan

2.1. Egyptiarrek 360 eguneko egutegia erabili eta baztertu

2.2. Greziarrek 365 eguneko urtea

2.3. J. Caesarrek aldaketa garrantzitsuak ezarri egutegiari

2.3.1. Lau urterik behin urte bisestua

2.3.2. Urtearen hasiera urtarrilera atzeratu, hil izenak utzita

2.4. Gregorius XIII.ak Caesarrenaren desoreka konpondu eta bisestuak zehazki finkatu

2.5. Egun, Gregoriusena nagusi, baina betiko egutegi baterako proiektu ugari

Laburpena

Ohizkoa dugun egutegia ez da unibertsala: badira beste data batean hasitako urtea duten kulturak edota beste urte batean bizi direnak ere.

Arazoa egutegiaren oinarria diren eguzki-ilargien ibileran datza.

Antzina ilargiari loturik zegoen egutegia zen erabiliena; geroztik eguzkiarekikoa nagusitu da.

Edozelan ere, eguzkiak ez du egun kopuru zehatz bat betetzen bere ibileran eta horrek, historian zehar, egutegi desberdinak egotea eragin du: egyptiarrek 360 egunekoa erabili zuten; greziarrek 365ekoa.

J. Caesar erromatarrak hau hartu zuen oinarritzat baina aldaketa garrantzizkoak ezarri zizkion: batetik, lau urterik lau urtera 366 eguneko urtea finkatu zuen, zehatzagoa egitearren; bestetik, urtearen hasiera martxotik urtarrilera atzeratu zuen.

Hala ere, ez zen zehatzegia oraindik eta mende batzuen buruan desoreka nabarmena gertatu zen.

Horregatik, Gregorius XIII Aita Sainduak berriz ere zuzenketak egin zizkion.

Gaur egun hau darabilgu, baina egutegi perfektu baterako hainbat proiektu dago NBEn.

Izenburua

- Historian zehar eta kulturen arabera egutegi desberdinak

- Egungo kalendario gregorianoa, historian zeharreko hobekuntza ugariren emaitza.

Kokapena

Autore ezezagun baten testu moderno bat dugu honako hau.

Bere laburrean, testu osoa dela esan genezake eta bai modernoa dela ere, oraintsukoa, aipatzen duen azken urtea 1980a denez gero.

Didaktikan kokatzen den artikulu bat dugu, erreferentzia historikoak dituena.

Bestalde, hasierako lerroetan saio arin baten tankera antzeman dakioke, sakontasun zientifiko handirik gabea.

Testuaren garapen nagusia espositiboa da, datu objetiboetan oinarriturik dago eta.

Testuko argumentazio apurrak aurki daitezke hasieran (bistan dagoenak engainatu egin dezakeelakoa esatean) eta bukaeran (kalendarioaren balizko eraberritze batek ekar litzakeen ondorioak hausnartzerakoan).